XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GOMENDIOZKO HITZAK Begien aurrean dut Euskal Gramatika berri hau, Joseba Butronek eta Jokin de Pedrok elkarlanean moldatu dutena.

Liburu mamitsu eta ongi taiutua, eta laster, seguraski, bere fruituak emango ditu.

Eta beraren argitarapenak, ene ustez, gogoeta batzu eragin behar lizkiguke.

Euskaldunok maiz mutur batetik bestera ibiltzeko joera izaten dugu, nonbait arinegi edaniko ardoak zabuka baginderabiltza bezala.

Honetara ba, sasoi batetan euskararen berri jakiteko, ezinbestean gramatiketara jotzen genuen, erdaraz hau da, espainieraz zein frantsesez idatziriko gramatiketara, derragun bidenabar.

Esaldia ere bada: Horrek euskara gramatikatik ikasi du, oraindik batzuren ahoan entzuten dena.

Egia esan, euskal gramatikek hainbat euskaltzale sorterazi zuten morfologiaren, deklinabidearen, aditzaren eta sintaxiaren alorrean ondo jantziak, beti ere euskaraz ongiaren eta gaizkiaren bereizmena buruan edukiz.

Zoritxarrez, eta lotsagarria dirudien arren, autore famatu bat baino gehiagoren izenak aipa litezke, erdaraz euskararen gainean ziotena eta omen zekitena gora behera, gai berberoriei buruz ez eze, eguneroko gauzez ere, euskaraz mintzatzeko zailtasun nabaria zutenak.

Horrek ondorio jakina izan zuen: behiala latinarekin eta beste; hizkuntza hilekin gertatzen zitzaigunez, hizkuntz legeak ikasi, testuak ulertu eta itzulpenak egiteko gai egin ginen, baina sarriegitan ordainez hizkuntza mintzatuaren ohitura eta praktika baztertuz, euskararen beraren kaltean.

Hortik ihes egin nahian, eta glotodidaktikaren bide berrietatik abiatuz, gramatikak zokoratu eta irakasbidegintzan hasi ginen euskaldunok.

Izan ere, hizkuntza bat edozein mintzatzeko, ez da berorren gramatika erreflexiboki jakin behar, beraren praktikan murgildu baizik, gramatikaz, azken finean, intuizioz bada ere, baliatu behar (...).